Jose Migel Iturrioz Jn. Beasainen jaio zen 1869ko uztailaren 5ean, Loinazko San Martin Ikastetxearen parean zegoen Andre Mari kaleko Don Juanenea etxean, eta bertara Elizako aldapatik zubixka bat igaroz iristen zen.
Lehen ikasketak egin ondoren, arotz- eta okin-lanetan aritu zen, aldi berean zesta puntan ikasi eta pilotari profesionala bilakatuz. Oraindik gaztea zelarik, 19 urte zituela, Argentinako pilotalekuetara joan zen dirua egiten saiatzera. Bera eta Beasaingo bere laguna, Tiburcio Lasa Jn., pilotari nagusienak ziren Buenos Aires eta Mexicoko pilota egitarauetan, eta diotenez partiduko mila pezeta kobratzera ere iritsi ziren.
Han zorte ona bikoiztu egin zitzaion, izan ere pilotari gisa irabazi zuen diruaz gain, Idiazabalgo gazte bat ezagutu baitzuen, Mariana Urrestarazu, zeina anaia batek deituta lanera joana baitzen hara. Santa Fe-ko Rosario-n ezkondu ziren 1891ko martxoaren 30ean, eta orduz geroztik Mariana izan zen ahal zutena aurrezten aritu zena, beren txoko maitera lehenbailehen itzuli ahal izateko. Itzuli zenean Jose Migelek Madril, Bartzelona eta Donostian jokatu zuen, eta 28 urte zituela, guk ezagutu genituen Sandalio eta Gil haren semeak jaio ondoren utzi zion pilotari izateari. Seme horietako bat, Gil, Beasainen jaio zen 1896ko irailean.
Herriko plazan, Udaletxe zaharraren ondoan izan zen etxean ipini ziren bizitzen, Udaletxe zahar horren eta lehenago Aranberri ostatua omen zegoen Etxeberriperen artean. 1905. urte aldera, gaur egun "haren kalea" den honen laugarren zenbakiko etxea eraiki zuten beren dirutik ordainduz, eta familiak etxe hartako lehen solairua hartu zuen.
Esperientzia handiko gizon zuzena zela eta zuen famagatik, familia askok estimatzen zuten Jose Migel Jn., batez ere baserritarrek, hauentzat lagun ona baitzen eta baserritarrek konfiantza osoa zuten harengan, aholkulari bikaina zelako. Haren dohaneko aholkuek, baserriko produkturik onenen ordaina izan zuten beti.
Hamazazpi urtez hainbat kargu izan zituen Udalean. Epaile, Zinegotzi eta bi aldiz Alkate ere izan zen; lehenengo aldiz 1906--1910 bitartean, eta bigarrengoan 1912-1920 urteen artean. Bi aldi horietatik, haren aginte-aldiko bizpahiru pasadizo edo erdiespen azalduko ditugu.
Eskolara geroz eta haur gehiago zetozela eta hauei guztiei eskola eman ahal izateko herriko Irakaskuntza Batzordeak maisu berri bat kontratatu beharra aztertu zuenean, proposamen bat egin zuen, maisu bati ordaindu beharko zitzaion diruaz Eskola Kristauetako bizpahiru anai ekar zitezkeela, alegia. Orduko erretoreak, Isaak Gereka Jn.ak, La Salleko San Joan Bataiatzaileak sortutako hezitzaile hauen nondik-norakoak eta ongi merezitako famaren berri bazuenez, bere laguntza osoa eman zion proposamenari eta halaxe erabaki zen.
1908. urtean heldu ziren Anaiak Beasaina eta, Sangroniz etxea alokairuan hartu eta egin beharreko konponketak egin ondoren, 1909ko otsailaren 5ean, gure Santuaren egunean, inauguratu zen Loinazko San Martin Ikastetxea.
1906an alkatetzara lehenengo aldiz iritsi zenean, etxeko ur-hornidurari zegokionez herriak zituen premiazko beharrei konponbidea aurkitzea pentsatu zuen. Aurreko mendearen azken laurdenean Ugartemendiko ur-biltegira egindako ur-ekartzeak eskasegiak ziren jadanik, industri bultzadari esker hazkunde handia izan baitzuen Beasainek.
1909. urtean Zazpiturrietako iturburuak erosi zituen, Albizturko Argisaingo Santa Marina auzoan. Ur-emaria gehitzeko, 1913an auzo bereko Arkasingo iturburua erosi, eta hemengo ura lehenengo iturburu hartara eraman zuen. Letamendiko ur-biltegia eraiki ondoren, ura haraino ekartzea besterik ez zen gelditzen. Eta arazo hau zela eta ez zela desadostasun handia sortu zen Udalaren barruan. Jose Migel Jn.ak, etorkizunari buruzko ikuspegi egokia izanik eta Alderdi Liberaleko bere kideen laguntzaz, ura bost ontzako hodien bidez ekartzearen aldekoa zen, eta Alderdi Karlistako zinegotziek, berriz, hori dirua botatzea zela eta hodi txikiagoa nahikoa zela esaten zuten. Baina udal batzarrean bozketa irabazi ondoren hodi lodiaz ekarri zen ura. Gero Beasainen bizi izan garenon onerako, ondorengo urteek arrazoi osoa eman zioten. Hoditza lodi hark, ia 60 urtez Beasain hornitzeko adina ur ekarri zuen, herriaren biztanlegoa hirukoiztu arren.
Eta bukatzeko gertaera polit bat. Lehen mundu-gerraren amaiera iragarri zen egunean, 1918an, etxeko balkoia joritsu apaindu eta kalera aterarazi zuen musika-banda, zeina herri guztian ibili baitzen kalejira alaiak joaz.
1920an alkatetza utzi ondoren, familia Donostiara joan zen bizitzera, Fermin Calbeton kalera, eta han hil zen 55 urte zituela 1924ko irailaren 12an. Hurrengo egunean Beasaina ekarri zuten haren gorpua eta, hemen, hileta nagusiak egin ondoren, familiaren hilobian ehortzi zuten, bera alkate zela 1917an eraiki eta inauguratutako hilerrian.
Azken eguneratzea: 2008/07/05