1554ean Beasainen jaio zen. Felipe III.ak Gortera deitu, eta han kargu garrantzitsuak izan zituen, 1586an erregearen kontulari gisa Txilera bidali zuten arte. Lan horretan jarraitu zuen 1590era arte, urte honetan Gortera itzuliz. Lau urte geroago, Aitonen Semeen Anaidiko alkate izendatu zuten eta, handik gutxira, Valladolida joan zen Felipe III.aren idazkari gisa. 1602. urtean, Magdalena, Adan Iartzakoren alabarekin ezkondu eta haren deiturak hartu zituen, horrela Zubieta eta Iartzako oinetxeen jaun bilakatuz. Orduan Gortea utzi eta Bizkaiko Lekeitio herrian kokatu zen. Garai horretan, Bizkaiko Busturia merindadeko probestu eta alkate karguak izan zituen.
1614ean Simancas-ko Errege-Artxiboen idazkari izendatu zuten. Gero, erregearen hainbat mandatu egin zituen, horietako batzuk garrantzitsuak. Bizkaiko Jaunen Laburpen baten egilea dugu, Italiara joan zenean Torinon argitaratu zuena 1620an. Era berean, Espainiako nobleziaren oinarritzat gotikotasunaren tesia aldarrikatzen zutenen aurrean, euskaldunen aitonen semetasuna defendatu zuen, gizona gizonaren nagusi bilakatzen duen edozein sistemaren aurrekoa zelako. Lan honen bigarren argitalpen bat ere egin zen Madrilen 1702an. Italian, Napoliko erregeorde zen Savoiako Filiberto printzearen aholkulari eta idazkari izan zen.
Italiako Trapani-n hil zen, 70 urte zituela, 1624ko uztailaren 31an.
Ezin liteke halabeharrez izan, Beasainako garrantzitsuak izan ziren bi gertaera, biak 1615. urtean suertatzea; batetik, otsailaren 4ean herri titulua lortzea, Felipe IIIa erregeak Erret-Agiriaren bidez Goierriko zenbait herriri eman ziena; eta bestetik, errege horrek berak, Frantziara zihoala, azaroaren 2an Igartzako jauregia eta burdinola bisitatu izana. Zalantzarik gabe, Antonio Nabarro Larreategi Jn.aren bitartekotzak zer-ikusi handia izango zuen horretan.
Azken eguneratzea: 2008/07/05