Beasain


 

Mariren Jaitsiera


<strong>bajada de Mari</strong>
bajada de Mari

Mari. Euskal mitologiako izaki hau emakumezkotzat hartzen da eta lurpean bizi izanik, Euskal Herriko izaki mitologikoei atxiki izan zaizkien eginkizunak burutzen ditu. Gainerako inguma, irelu eta gisakoen burutzat hartua da.

Mariri buruzko kontakizunetako batean - Ataungo eta Beasaingo kontakizuna - Mari, Beasaingo Murugoena baserriko mutil gazte batekin ezkondu zela esaten da. Zazpi seme-alaba izan omen zituzten. Bera kristaua ez zenez, ez omen zituen bataiatu. Senarrak ordea, bera eta seme-alabak herriko elizara bataiatzera ekartzen saiatu omen zen. Orduan Marik gurdian su hartu omen zuen eta sokak erreta sugarretan hegaztatu omen zen honako hau esanez: "nere umeek zerurako, ta ni oaiñ Muruako·" eta bere Murumendiko lehenengo koban sartu omen zen.

Loinatz Jaiei hasiera ematen dien ekitaldian zehar, Marik beasaindarrei hitz egiten die agurtuz eta jaietarako aholkuak emanez. Ekitaldi horretan, Beasaingo euskal dantzari-taldeek eskuhartzen dute eta lastargi sutuak eskuetan dituztela kantu eta dantza sartzen dira Loinazko San Martin plazan hainbat lekutatik etorrita. Plazan, sorgin-dantza eta gisakoak dantzatzen dituzte akelarrea irudikatuz. Ondoren, Loinatz abesbatzak Mariri eskainitako kantu bat kantatzen du. Abesti hori egungo abesbatzako Zuzendari den Xabier Sarasolak konposatua da.

Plazaren erdian dagoen alamartxoa pizten da eta Mari (panpina), Murumenditik jaisten da airean trumoi eta tximisten artean, atzean txalaparta entzuten den bitartean eta azkenik alamartxoaren erdi-erdira erori eta erre egiten da. Ondoren Mari ( pertsona ) Udaletxeko balkoian azaltzen da eta herritarrak agurtu ondoren, jaietako pregoia irakurtzen du, bukaeran Loinatz Jaiak hasteko suziria piztuz.

Danborrada.Gauza ziurtzat jotzen da, 1936ko gerra baino lehen danborrada izan ohi zela, " Beasain Festivo " argitaratzen zela eta Inauterietan jai bikainak ospatzen zirela. Beraz, ia 40 urte eta gehiagoko hutsunearen ondoren, 1978an egin zen berriro ere danborrada Beasainen.

Lehenengo urtean, bi konpania danborjole eta bat kupeltxojoleena zirela egin zen joaldia eta ibialdia. Bigarren urtean, ugaldu egin ziren joleak eta bi musika-taldek eskuhartu zuten.

Hirugarren urtetik aurrera, herriko elkarteek, Udalarekin adostasunera iritsita, danborrada antolatzeaz arduratu ziren. Era berean, Elkarteek bigarren aldiz antolatu zuten urtean, gurdi bat prestatu zuten Beasaingo Elkarteetan zaharrena den Usurbe Elkartekoek eta harez geroztik txandaka jarraitzen diote eginkizun horri antzinatasun-ordena zintzoki gordez. Konpromiso honek badu zerikusirik ibilian duten ordenekin. Horrela, gurdia prestatzeko ardura duen Elkartekoak azkena joaten dira ibialdian zehar eta ez da errepikapenik gertatzen taldeen ordenan.

Ibilaldia Loinazko San Martin plazan bukatzen da eta konpania guztiek, doinu guztiak jotzen dituzte azkenean Ramon Aranburu zenaren Beasaingo martxa joz. Aurretik ordea, aldez aurretik finkatutako kaleetan zehar ibiltzen da konpainia bakoitza " berotze-ariketak " egiten eta festa-giroa sortzen. Talde bakoitzak bere kantinerak eta pikatxoilariak ditu eta guztien artean bostehundik gora izan ohi dira. Ibilaldirako, ibilbide osoan barreiatutako megafoni ekipoa izaten da, baina Plaza azken joaldia egiteko musika-bandaren bat izaten da.

Prosezioa.Loinatz bigarrenean, Azentzio ondorengo astelehenean Loinazko San Martin Baselizara egiten den prozesioaren jatorria jakin nahi badugu, XVII. mendera jo beharrean gaude, hots, Alexander VII.a Aita Santuak Elizako buruzagitza zuen garaira (1655-1667).

Gauza jakina da prozesioa Aita Santuak ontzat emana eta baimendua dela, izan ere, Alexander VII.a Aita Santua izan baitzen Bulda bidez Kofradiari 2 jaiegun ospa zitzan agindu ziona bata, Igokunde edo Azentzio ( orduan osteguna ) ondorengo zortziurrenaren barruko Igandean ( Loinatz egunean ) eta bestea hurrengo astelehenean. Parroki Elizatik Santua jaio zen leku sakratura prozesioan joanez. Luxuaren xehetasun ikusgarria da Loinazko San Martin imaginaren santu-eramaileek etiketaz jantzita joan behar dutela frak eta guzti, eta zalantzarik gabe, martiriaren jaiera handia zuenen batek jantzi horiek kaleratzean izan zituen maitasun eta errespeto handiak agertzen dira hor, herrian horrelako usadioa antzinatik gaurdaino finkatuta utziz.

Zinegotzi bat izan zen antzina, Teniente Fiskal alegia, etiketa handiz jantzia ere herriko bandera prozesioan eramaten zuena eta bi aldiz Parrokiako Elizatarian eta beste bitan Baselizaren atarian, txistulariek jotako ezpatadantza-doinua jarraituz, Teniente-Fiskalak Bandera-dantza egiten zuen bandera Santuaren imajina aurrean zabalduz eta bilduz, lehenik ezkerraldetik eskuinera eta gero eskuinaldetik ezkerrera. Gero biziago baina esku sendoz, bi, hiru eta inoiz lau aldiz ere biltzera iristen zen beste hainbestetan askatuz eta azkenean Martiri Santuaren imajinaren oinetan zabal-zabal eta umilkiro utziz. Ohikun jai urtero bete izan da Loinatz bigarrenero (Jaietako astelehenean).

Erakunde bidez Udalbatzako kargudunari zegokion zeregina ordea, denbora pasa ahala, Loinazko San Martinen Kofradiak izendatutako pertsonaren eskuetara pasa zen, Kofradia hori baitzen hein batean jai-egitaraueko erlijio-ospakizunen arduraduna.

 

Azken eguneratzea: 2008/10/17

 
Loinazko San Martin Plaza 1 - (20200). Tfnoa: 943028050
© Beasaingo Udala 2008
Erabilerraztasuna- Lege-informazioa- Datuen babesa- Erabiltzeko baldintzak