
1399. urte inguruan, orduko Parroki Eliza, nabe bakarreko eta zurezko teilatudun, eliza txiki bat besterik ez zen. Elizatxo hori, Igartza Jauretxeko kapera erantsi zitzaion. Antzinatasun nabarmen hau izan arren, XVI. mendetik aurrera ekin zion parrokia beasaindar honek berreraikuntzen bideari eta XVIII. mendea ondotxo sartu arte etengabe jarraitu zuten horretan. Garai horretan eraikitako euskal eliza askok bezala, Beasaingoaren eraikuntzak ere, Frai Migel Agirreko eta Aranburuk XVI. mende emankorren hasieran marratutako arkitektur eskema jarraitu zuen.
Beasaingo parrokia, bazeliza tankerako oina eta buruan absidea dituen eraikina da. Hegoaldeko hormari atxekia du Igartzako Kapera eta honen eta Presbiterioaren artean, Sakristiarako sarbidea du. Kanpokaldean eta fatxadaren albo batean, XVII. mendean eraikitako kanpondorre bikaina du eliza burutuz eta Hegoalde eta Mendebaldeko atariak inguratuz, Elizatari Portikatua, guztia zurez egina, bere zutabeak harrizko oinarrietan sotengatzen direla.
Elizari austen dioten hormak, harlagaitz sendozkoak dira, bao urri eta estuekin, helburu nagusitzat, eraikuntza kanpoko hotzaren eta hezetasunaren aurkako babesaz hornitzea izanik.
Barru aldean berriz, gurutzetako gangak nabarmentzen dira, sapaia osatzen duten zurezko armadurak ezkutatuz, korua atzekaldean kokatuta dago eta presbiterioa goratua, bertatik Joan Urtsularreko eta Etxeberriak egindako Aldare Nagusiko erretaulara iristen dela. Erretaula horretan, ziur aski XVII. mendekoak izan daitezkeen koadroak (mihiseak) nabarmentzen dira eta batzuek behintzat Madrildar Eskolakoak direla diote. Dituen irudien artean, Ama Birjinarena azpimarratu beharra dago. Tonu okre ilunak ditu nagusiki eta eliza zaharberrituan garai bateko erretaularen ardatz nagusian izaera hartu du berriro.
Ugaritasun handia du arkuen marraduran eta horietatik atekoa nabarmentzen da.
Domingo Loinazkoak 1663an Gipuzkoako probintziari Amunabarro jaiotetxeko lurzatia eman zion, bere aitonaren anaiaren, hau da, San Martinen izenean, eliza eraiki zezan. Probintziak herri guztietako limosnei esker eraiki zuen eliza eta 1691-05-02an amaitu zen. Erretaulak Inazio Iberok proiektatu zituen 1731n eta Jose Mª Iparragirrek egin. 1874an erauzi egin zuten eta, urtebete beranduago, bere ordez, egungo baseliza, neoklasiko erakoa, eraiki zuten. Baseliza Mariano Jose Laskuraingok, Diputazioko arkitektoak, diseinatu zuen. 88.000 erreal kosta zen. Horietatik 66.000 probintziak jarri zituen eta beste 22.000 berriz, Beasainek. Erretaulak aurreko baselizakoak dira. Dekorazioa, aurreko fatxadan jarritako Gipuzkoako armarrira mugatua da.
1994an handitu egin zen. "Ganbara santua" 1878an ermita bihurtu zen, 1877ko urte-amaieran sute batek San Martinen jaiotetxea erre zuenean.

Loinazko feriek, leku bera izan zuten topalekutzat urtez urte, hots, Ermita honen ingurua.
Loinazko Andre Mariaren imajina, 0,75 m-tako altueradun taila polikromatua da. Bere Berreroslearekin dagoen Ama honek, ez du inolako komunikaziorik azaltzen haurrareriko; soineko arrosa du tunika loretsu eta mantu urreztatuarekin eta errezela eta koroa ere urreztatuak dituela. Haurrak, bedeinkatzeko jarrera du, Andre Mariak aldiz bere eskuineko eskuan lore bat du garbitasun-ikurtzat.
Tailak, pieza bakarrean egina denak, antzinatasun handiko aztarnak azaltzen ditu bere egintzari dagokionez. Dirudienez, XIII. mendeko taila da.
Nabe bakarreko eliza soila da. Sapaiko erdi-puntuko hiru arkuk, Andre Mariaren irudia duela aurkitzen den apaleraino zuzentzen dute begirada eta aurrerago beste erdi-puntuko arku bat du presbiteriora sarrera emanez. Dekorazio oro sobera dago; antzina sarrerako arte nagusiaren bi aldeetan kokatuta egon ziren urbedeinkatu-ontziak baino ez daude eta gaur horietako bat Ermita barruan jarrita dago. Harlanduzkoak dira eta gurutze bat eta lore-irudiak dituzte. Estilo platereskoa oso ongi gogorazten digute, berau XVI. mendean loratu zen eta. Elizako sarrera ate angeluzuzen handi bat dela bide irekitzen da eta berorren gainean, Arriarango Jauretxearen armarria dago, eliza txiki honen zaindari zelako.
Bere lehenengo oina gordetzen du, baita bi aldeetan estalitako elizataria ere eta barroko estiloko ezpataina du 1631 idatzia duen kanpaiarekin. Ermita, oso ederra da eta data hori baino askoz ere lehenagokoa, nahiz eta Pedro Karrerakok 1729an berreraikia izan.
Bi oin ditu eta horrela lurraren desmaila natural handiaren arazoa konpontzen du. 1924. urte inguruan eraiki zen Udaletxeko obrekin batera. Udaletxea harlanduz egina da eta 1924. urtean inauguratu zen, aurrekoa kokatuta zegoen orube berean. Antzina Aranberri baserria egon zen leku horretan kokatuta. Nahiz eta arkudun ohizko aurrealdea eduki, xehetasun berriak ere ageri ditu ingurune osoarekiko. Ertzean dagoen dorrea, erlojuarentzat eraikia dena da deigarriena eta adreiluz eraikia izanik. Gipuzkoan XVI. mendean hain arrakasta handia izan zuen mudejar estiloa gogorarazten du, XX. mendean eraikia bada ere.
Azken eguneratzea: 2008/10/17