Beasain


 

Euskararen transmisioa edo geroratzea


Esparrua 1. A - Irakaskuntza

1. ERABAKIA: Hizkuntza-politikaren arloan garatutako ekimenen eraginik aldekoena hezkuntza-arloan antzeman da, hain zuzen ere, EAEko eta Nafarroako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan. EAEn, irakaskuntza-sistemako B ereduaren eta bereziki D ereduaren onarpenari esker gertatu da euskararen areagotzea gazteenen artean. Beste aldean, berriz, Iparraldea dago; lurralde horretan euskararen jarraipena belaunaldi gazteenen artean atzeraka doa: euskarazko hezkuntza-sistema ezarri ez izanaren eragin zuzena. Iparraldean 1991n eta 1996an egindako inkesten emaitzek argi asko frogatzen dute esaldi honek dioena: Une langue qu´on n´enseigne pas est une langue qu´on tue. Lurralde horretan gero eta guraso euskaldun gutxiago dago euskara familian bertan gerora dezakeena. Hori horrela,gurasoek finantzatutako euskal eskolak ez dira aski eskolumeen masa kritiko bati euskararen jarraipena ziurtatzeko. Diruz lagundutako euskarazko eskolarik gabe, belaunaldi batetik bestera euskaldunen kopuruaren beherakada esponentziala besterik ez du ekarriko etorkizunak. Iparraldea itzulerarik gabeko egoerara doa horrela: ez da bermatuko ezta euskararen biziraupena ere. Diru publikoz finantzatutako euskarazko irakaskuntza ezinbesteko da euskararen jarraipenerako Iparraldean.

Ekintzak

  • Irakaskuntza sisteman sartzear dauden haurren gurasoei zuzendutako komunikazio ekintza zehatzak gauzatu (gutunak, hitzaldiak,... ) irakaskuntza eredu desberdinen helburuak azalduz.
  • Hizkuntza eredua hobetzearren herriko ikastetxeekin elkarlanerako hitzarmenak sinatu.
  • Lanbide Hezkuntzako zentroetan euskara sustatzeko laguntza ematea.
  • EAE kanpotik edo atzerritik etorritako ikasleei hizkuntza lehenbailehen eskura dezaten laguntza eskaini.
  • Unibertsitate mailako euskarazko udako ikastaroak egiten dituztenei dirulaguntza eman.

2. ERABAKIA: Egitarau zehatzak eratu eskolaz eskola, irakaskuntzarako ez ezik eskolako ekintza guztietako harreman-hizkuntza ere izateko, bai eta euskararekiko atxikimendua eta euskaraz bizitzen lagunduko duten ohiturak bultzatzeko ere.

Ekintzak

  • Irakurzaletasuna bultzatzeko dauden ekimenen berri ematea eta horiek gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideak edo laguntza eskaini.
  • Euskara Zine Aretoetara´ programan parte hartzera animatu eta hori gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskaini (zine aretoa, sarrerak merkeagotzeko dirulaguntzak, esku-orriak prestatzea...)
  • Eskola barruko eta kanpoko komunikazioan (inprimakiak, bilera aktak, zirkularra,...) euskara erabiltzeko laguntzak eskaini
  • Ikastetxeetan euskararen normalkuntza planak martxan jartzeko eta daudenetan garatzeko laguntzak eskaini.
  • Eusko Jaurlaritzak, Foru-Aldundiak eta bestelako erakundeek (Europako Batzordeak, Europako Kontseiluak,... ) hizkuntzak sustatzeko kudeatzen dituzten programen eta dirulaguntzen berri eman
  • Ahozko adierazmena indartzeko ekintzak burutzeko laguntza ematea
  • Udalekuak: barnetegiak eta udaleku libreak antolatu.
  • Eskolan haurrentzako garatzen diren programetan (drogamenpekotasunaren prebentzio programak, heziketa programak... ) hizkuntza irizpideak ezarri eta betetze mailaren jarraipena egin.
  • Eskolan gurasoentzako antolatzen diren programetan (drogamenpekotasunaren prebentzio programak, guraso eskola... ) hizkuntza irizpideak ezarri eta betetze mailaren jarraipena egin.
  • Eskolaz kanpoko jarduera guztietan hizkuntza irizpideak ezarri eta horien betetze mailaren jarraipena egin.
  • Ikastetxeko ohiko jarduna (tutoretzak, bilerak, kanpo ekintzak) euskalduntzeari begira gurasoekin lan egin.

3. ERABAKIA: Eskolaz kanpoko erabilera-esparruekin (herria-auzoa-lagunartea-aisia) zubiak egiteko euskara-batzordeak osatu.

Ekintzak

  • Euskalgintzako taldeak bilduko dituen egiturak antolatu eta martxan jarri

Esparrua 1. B - Euskalduntze-alfabetatzea

ERABAKIA: - Euskalduntze-alfabetatzeko ekintzabideak erabileraren ingurukoekin uztartu, eta arreta berezia jarri euskararen bizitasun etnolinguistikoa indartzeko ezinbestekoak diren gune geografikoetan, giza taldeetan eta gizarte-eremuetan, horiei lehentasun osoa eskainiz, ahalik eta eperik laburrenean, hizketarako gai diren euskaldunak lortzeko. Horretara heltzeko, efektu biderkatzailea izan dezaketen giza taldeak identifikatu behar dira, helburu zehatzei erantzuteko ikastaroak antolatu eta hasierako mailatik bukaerarainoko ikasketa-prozesu osoa hitzartu gizarteko hainbat eragile eta talderekin.

Ekintzak

  • Udal euskaltegiaren ohiko jarduna.
  • Herriko euskaltegien (Udal Euskaltegia ez beste guztiak) ohiko jardunari laguntzea
  • Kasuan kasuko eragile eta taldeak identifikatu jarduera esparruka eta horren arabera ikastaroen eskaintza bideratu.
  • Baldintza minimo batzuk betetzearen truke dirulaguntzak eskaini.
  • Herritarren artean euskara ikastearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta herrian euskara ikasteko dauden aukeren berri ematea.
  • Atalase-maila (5. eta 6. mailak) gaindituta daukatenentzako eskaintza egokitua.
  • Euskara ikasten ari direnak euskara erabiltzen motibatzea
  • Etorkinei euskara ikas dezaten laguntza berezia eskaini.

Esparrua 1. C - Familia

ERABAKIA: Euskararen familia bidezko jarraipenari ekiteko, bi gune nagusitan egin behar da indar: gazteengan, bikote-hizkuntza finkatzeari begira, eta familia osatu berriengan, haurraren lehen hizkuntza ziurtatzeari begira. Horretarako, jarraipenean zuzeneko eragina (gurasoak, gurasogaiak, haurrak) nahiz zeharkakoa (haurtzaindegiak, zaindariak,... ) dutenak sentiberatzeko eta eskolaratzeko ekintzak behar dira; halaber, euskaraz egiteko zerbitzuak, guneak eta aukerak eskaini behar zaizkie, xede-talde bakoitzari mezu eta ekintza zehatzak proposatuz.

Ekintzak

  • Derrigorrezko ez den ikastaldian (0-3 urte) euskarazko haurtzaindegiak edo haur-eskolak eskaini.
  • Euskararen erabilera ardatz nagusitzat izango duten guneak eratu. Haurrentzako ludoteka.
  • Familia bidezko jarraipena ziurtatze aldera 6 urtez beheko haurrak dituzten gurasoei euskara ikasteko aparteko laguntza eman.
  • Ezkondu edo jaunartzea egin behar dutenen gonbidapenak edota oroimen-txartelak egiten dituzten enpresei laguntza eskaini, euskararen erabilera egokia bermatzeko.
  • Gurasoentzako euskara eskolen eskaintza egin. Ikastetxeekin batera antolatutakoak eta beren beharretara egokitzen diren moduluak eskainiz.
 

Azken eguneratzea: 2008/07/29

 
Loinazko San Martin Plaza 1 - (20200). Tfnoa: 943028050
© Beasaingo Udala 2008
Erabilerraztasuna- Lege-informazioa- Datuen babesa- Erabiltzeko baldintzak